Oct 29, 2019

arranca-b-venture-2019

Espainia iparraldeko ‘startup’ fororik handiena, EL CORREO egunkariak antolatua, eta laugarren edizio honetan gorabidean doazen ehun bat enpresa bilduko ditu, «bizitzako gai garrantzitsuenak nahiz axalekoenak jorratzeko».

Batzuek ideia bat dute eta hori aurrera eramateko gogo izugarria, baina beren amets hori egia bihurtzeko diru-iturria eta negozioa arrakastatsu izateko bultzada falta zaie. Beste batzuek, aldiz, dirua badute eta enpresa-sormenaren txinparta horren bila dabiltza, gure gizartearen premiak identifikatu eta horiei irtenbide gauzagarri bat topatu nahian. Egoera hori biribiltzeko batzuetan behar izaten den gauza bakarra lehenengoak bigarrengoekin harremanetan jarriko dituen bitartekari bat da: eta hain zuzen ere, zubiak eraikitzeko asmo horrekin sortu zen B-Venture, Espainia iparraldeko ‘startup’ ekitaldirik handiena, eta horren laugarren edizioa gaur eta bihar egingo da Euskalduna Jauregian. Inoiz baino handiagoa izango da foro hau, eta bertan, gorabidean doazen ehun bat enpresa eta talentu bila dabiltzan hirurogeitik gora korporazio eta inbertsio-fondo izango ditugu.

«Urtetik urtera gero eta jende gehiagori lagundu diezaiokegu», laburbildu zuen irekiera-ekitaldian EL CORREO egunkariko zuzendari nagusi Iñigo Barrenecheak, eta bide batez, egunkaria urteroko topaketa hau antolatzera bultzatzen duten arrazoiak azaldu zituen: «Gizartearen dinamizazioan parte hartu nahi dugu», esan zuen. Aurtengo edizioa mamiz beteko duten «ideia original, ausart, adimentsu eta probetxugarrien» artean badira gai batzuk «garrantzi handikoak, hala nola osasuna, baina baita axalekoagoak ere», nabarmendu zuenez. «Hemendik ideiak, harremanak, ekimenak eta proiektuak aterako dira. Askorentzat inflexio-puntu izatea espero dut. Hemen, bi egun hauetan, gauzak gertatuko dira».

Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuorde Estíbaliz Hernáezek asko goraipatu zuen ekintzaileen lana, «enpresak, enplegua eta, azken batean, ongizatea» ere sortzen baitute, eta gogoratu zuen euskal ekintzailetza sistemaren webgunean (upeuskadi.spri.eus) dagoeneko ia berrehun ‘startupek’ alta eman dutela. Ekonomiaren Sustapeneko foru diputatu Ainara Basurkok B-Ventureri buruz esan zuen «nahitaez egon beharreko foroa» dela, «harreman batzuek inbertsioak, beste batzuek unean uneko kolaborazioak eta beste batzuek merkataritza-harremanak ahalbidetuko dituztelako», betiere egitura ekonomikoa indartzeko helburuaren mesedetan: «Askoz gehiago erakartzeko, babesteko eta gure barnean biltzeko ekosistema nahikoa» dugu, ziurtatu zuen. Azkenik, Ekonomiaren Garapeneko zinegotzi Xabier Ochandianok «hiru ideia oso zehatzen inguruan antolatu du bere mintzaldia: Zorrozaurre, Zorrozaurre eta Zorrozaurre», zeren eta «aurten eta datorren urtean definitzen dugunak erabakiko baitu uhartearen etorkizuna, Euskadiko lehen hiri-parke teknologiko handia».

Galeria. Topaketak ‘networking’ eremuan. / Manu Cecilio

Erakundeetako ordezkarien adierazpenek irteerako pistola-tiro gisa balio izan zuten hitzaldi, mahai-inguru eta tailerren programa osatu bati hasiera emateko, eta lehena Gerard Olivé izan da, Wallapop edo Glovo atariei bultzada eman dion Antai Venture Builder sozietatearen fundatzaileetako bat. Talentuan eta ekintzailetzan adituak diren berrogeita hamar hizlari baino gehiago igaroko dira taula gainetik, beren ibilbideak ekarri dizkien ondorioak denoi ezagutzera emateko. Eta, bien bitartean, atarian «gauzak gertatzen» hasi dira, lehen ordutik bertatik B-Venture ekitaldiaren mami diren harreman horiek osatu baitira, Eusko Jaurlaritzaren, SPRIren, Bizkaiko Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babesarekin nahiz Telefónica, Bilboko Portua, BStartup Banco Sabadell, Laboral Kutxa, CaixaBank, BBK, Elkargi eta Deustuko Unibertsitatearen laguntzarekin.

Trilobiteak eta gailetak

Networking’ eremua jarduerez borborka zegoen: eta hala, elkarrizketak adosteko plataforma informatikoaren bitartez laurehun bilera baino gehiago lotu zituzten, ekitaldiari ekin baino lehen. Erakusketarien eremuan, ehun bat ‘startupen’ bultzatzaileak arreta beren proiektuetara erakartzen ahalegintzen aritu dira, minbizia hautemateko biopsia likidoak izan edo ‘League Of Legends’ bideo-jokoan etekina hobetzen laguntzen duten algoritmoak izan. Beren jarduera-eremuak abstraktuenetik hasi eta zehatzeneraino doaz, eta esate baterako, bitxikeria modura, Ekobideak elkarteko geologoek beren ‘standean’ lerrokatu dituzten fosilak eta meak ditugu: trilobites bat, amonites bat, ‘Ereñoko’ kareharri gorriaren lagin bat, gema gatzezko kristal bat… Hemen gu gara analogikoak, txantxaz zioten Bárbara Casasek eta Josu Gandiagak, irteera turistiko desberdinak sustatzen dituztela, zapaltzen dugun lurrean arreta jarriz: Euskalduna Jauregian gaudenez, solaskideari gogorarazi nahi diote horren eraikuntzan erabilitako granitoak jatorri bolkanikoa duela.

Erakusketari bakoitzak arbel bat du, esaldi edo marrazki baten bitartez beren ekimenaren ardatz nagusiak laburbiltzeko: big data, mugikortasun iraunkorra, garapenerako berrikuntza, kudeaketa integrala, ingurumen-heziketa, «txokolatezko gailetak ditugu, Toñori galdetu» Azkena, erakarmen handikoa, Send2Me da, etxean egon beharrik gabe eskaerak jasotzeko A Coruñako ‘locker’ proiektu bat. Bere ordezkariak, Toño Fraga eta Javi Nogueira, prest zeuden ‘business angels’ direlakoei, behatzaileei eta ingurutik pasatzen zen orori arreta egiteko. «Gose etortzea espero dugu!»