Nov 06, 2019

b-venture-kT0H-U90548315526y3D-624x385@El-Correo

Ekitaldi honek, Espainia iparraldeko ‘startup’ ekitaldirik handienak, ehun bat enpresa baino gehiagori beren proposamenak aurkezteko aukera eskaini die aurten.

«Hemen zaudetenetatik zenbat zarete edo izan nahi duzue ekintzaile? ». Galdera hori askotan errepikatu da B-Ventureren laugarren edizio honetan parte hartu duten inbertitzaile, korporazio handietako zuzendari eta ‘startup’ arrakastatsuetako sustatzaileen elkarrizketetan. Eta auditorioa etengabe berritzen joan den arren, gora jasotako eskuek behin eta berriz bete dituzte Euskalduna jauregiko besaulkiak. Egun eta erdiz, teknologia berriei lotutako ekintzailetzaren ardatz bilakatu da Bilbo ekitaldi honi esker, eta bertara 1.100 lagun baino gehiago hurbildu dira, gorabidean doazen enpresak nola mugitzen diren eta horiei babesa eskaintzen dien ekintzailetza-sistema nolakoa den ezagutu nahian.

Espainia iparraldeko ‘startup’ topaketarik handiena den foro honetara iristean ikusi duten lehen gauza bertan zebilen jende ugaritasuna zen, beren proiektuak aurkezteko hautatutako 24 enpresen standen inguruan guztiak ere, baita Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Deustuko Unibertsitatearen mintegiek, Euskal Ekintzailetza Sistemak, Demium eta Metxa anezkek eta Innolab azeleragailuak hautatu dituztenen inguruan ere.

ADVERTISING

Sustatzaileek gogo biziz erakutsi dituzte teknologiak ekarri dituen aplikazio berritzaileak, arlo ugaritan, hala nola osasuna, industria 4.0, zibersegurtasuna, hezkuntza, nekazaritza, arkitektura, birziklapena edo kirola. Aurtengo protagonista nagusiak datuen analitika eta adimen artifiziala izan dira, eta biak elkar hartuta gai izan dira minbizia garaiz diagnostikatzeko edo horren tratamenduak izan ditzakeen zailtasunak aurreikusteko, lantegi bateko komunikazio-sareetarako sarbidea kontrolatzeko edo gure finantza-inbertsioen etekina hobetzeko.

Stand lerroaren atzean, gainera, bilera formalagoetarako gordetako eremuan, erritmoa ikaragarrizkoa zen. Sustatzaileek hantxe finkatu dute hitzordua inbertitzaile partikularrekin, arrisku-kapitaleko funtsen ordezkariekin, finantza-entitateekin, ‘business angels’ direlakoekin, azeleragailuekin edo B-Venture ekitaldiaren antolakuntzan EL CORREO egunkariarekin elkarlanean aritu diren entitateek gonbidatuta topaketa honetara etorri diren multinazionalekin, izan ere, horiek ere gero eta gehiago baitira. Aurten, Eusko Jaurlaritzaren, SPRIren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babesa izan du topaketa honek; eta halaber, Telefónica, Bilboko Portua, BStartup Banco Sabadell, Laboral Kutxa, CaixaBank, BBK, Elkargi eta Deustuko Unibertsitatearen laguntza ere jaso du.

Guztira, ekitaldiaren plataforma digitalaren bitartez, 613 topaketa programatu dira, eta horiei, jakina, standetatik igaro ostean bat-batean sortutakoak gehitu behar dizkiogu. «Ez dakit nola ez naizen ahotsik gabe gelditu. Atzo hamaika bilera izan nituen», zioen Eriz Záratek, ZM Algorithmic Systems enpresaren sustatzaileetako batek, jardunaldiari ekin aurretik. «Balantzea oso positiboa da. Ikusgarritasun handia eman digu», zioen Eider Sánchezek, Naru enpresaren fundatzaileetako batek, hamar elkarrizketek osatutako maratoi azkar bat amaitu berri. «Oso pozik amaitu dugu. Hamabost topaketa izan ditugu, eta horietatik gauza asko espero genituen, batez ere negozio alorrean», ziurtatu digu Send2me enpresako Javi Nogueirak.

Bien bitartean, auditorioan elkarrizketak eta mahai-inguruak etengabe egin dira, eta esate baterako, aurten berrogeita hamar hizlariri baino gehiagori entzuteko parada izan dugu, hala nola: Gerard Olivé, Wallapop edo Glovo enpresei lagundu dien Antai Venture Builder sozietatearen fundatzaileetako bat; José Galíndez, Solarpack enpresaren sustatzaile eta lehendakaria; Rodolfo Carpintier, Internet Digitalean espezializatutako Assets Deployment inkubagailuko lehendakaria; Itxaso Del Palacio, Notion enpresako inbertsio-zuzendaria; edo Patricia Casado, BerriUp Donostiako azeleragailuko zuzendaria. Inbertitatzaileek ‘startup’ batean zer bilatzen duten azaldu dute, eta nola balioesten dituzten bai sustatzaileen jarrera eta proiektuak eta bai merkatuaz duten ezagutza ere.

BIC Start Up! Day, amaiera bikain modura

Lehen aldiz, B-Venture ekitaldiaren barruan BIC Start Up! Day ospatu dugu, Euskal Ekintzailetza Sistemaren hitzordurik garrantzitsuena, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren eta foru aldundien bultzadari esker. Bertan, BIC horietan kokatutako enpresetako 24 sustatzailek beren jarduera-eremuak aurkeztu ahal izan dituzte adituen aurrean.