Ekintzailetza bideratzeko El CORREOren foroak zazpigarren edizioa egingo du urriaren 18an eta 19an, Bilbon
Beste errekor bat. Ez da inoiz hainbeste izangai egon -182- eta ez da inoiz hainbeste inbertitzaile egongo proposamenak entzuten: guztira, 70 baino gehiago. Iritsi da Espainia iparraldeko ekintzailetza-ekitaldirik handienaren, B-Venturen, zazpigarren edizioa. El CORREO du antolatzaile eta urriaren 18 eta 19an egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian. Aukeratutako 25 proiektuek beren negozio-ideia berritzaileak azalduko dituzte horiek garatu ahal izateko finantzaketa bilatzeko.
Aurtengo formatua ohikoa izango da, aurreko bi edizioetan koronabirusa zela eta egin behar izan ziren formula hibridoen salbuespenezko uneen ondoren. Hala ere, pandemiaren bilakaeraren arabera, une horretan indarrean dauden segurtasun-neurri guztiak ezarriko dira.
Azken fasean parte hartu duten hogeita bost enpresen artean Bizkaikoak dira gehiengoa, guztira, bederatzi ordezkari. Zazpi Gipuzkoatik datoz, hiru Arabatik, bi Kantabriatik, beste hainbeste Madrildik, bat Balear uharteetatik eta beste bat Valentziatik.
Proposamen gehienak industria-sektorekoak dira: zortzi. Baina B-Ventureren azken edizioetan ohikoa denez, garrantzi handia dute, halaber, osasunarekin lotutakoek (sei proiektu), elikagaien teknologiarekin edo foodtech sektorea delakoarekin loturikoek (hiru ekimen) eta Internetekin zerikusia dutenek (beste lau).
Aukeratutako proiektuak bizi-une desberdinetan daude, baina guztiek dituzte izendatzaile komun pare bat: berritzaileak eta oso erakargarriak dira. Badira irtenbideak ikusmen urriko pertsonentzat, oporretan autoak alokatzekoak eta parke agrivoltaikoekin loturikoak. Bestalde, mikroalgak erabiltzeko formulak aurkituko ditugu, artikulazioak ordezteko inplanteak eta, are estazio espazial bat diseinatzeko Arabako proposamen bat ere.
Edizio guztietan bezala, ekimenen sustatzaileek aukera izango dute haiek arrisku-kapitaleko funtsen, finantza-entitateen, “business angel” direlakoen, inbertitzaile partikularren eta azeleragailuen eta korporazio handien arduradunen hirurogeita hamar ordezkari baino gehiagoren aurrean aurkezteko. Ekitaldian izango dira, halaber, zerbitzuak enpresa berritzaileekin kontratatzeko interesa duten enpresa garrantzitsuen ordezkariak.
Jendearentzat zabalik dagoen hitzordua denez, ekitaldia aukera paregabea da Euskaldunan stand bat duten startup guztientzat balizko bezeroak eta beste enpresa eta ekintzaileak ezagutzeko. Aukera hori indartzeko, B-Venturek parte hartzaileen eskura jarriko du, aurten lehenengo aldiz, berritasun ugari dituen matchmaking aplikazio bat.
Finantzaketa lortzeko eta merkataritza-harremanak ezartzeko aukeraz gain, foroak aukera ematen die hautatutako enpresei Deustuko Unibertsitatean doako ikastaro trinko bat egiteko. Bertan, aurkezpena prestatzen ikasteaz gain, finantza-, lege- edo marketin-nozioak eskainiko zaizkie. Irailaren bigarren hamabostaldian izango da.
Espainia osoko ekintzaileek egutegian gorriz markatuta duten ekitaldiko hitzaldien artean dagoeneko berretsita daude honako hauenak: Unai Extremo (Virtualware-ko CEOa), Diego Marcos (Pay Comet), Clara Gutiérrez (Brain VC) eta Dario Villena (Kapitako inbertsio zuzendaria).
Euskaldunako topaketak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren, SPRI garapen-agentziaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babesa izango du, baita Banco Sabadell-en BStartup, BBK, Laboral Kutxa, CaixaBank, BBVA eta Deustuko Unibertsitatearen lankidetza ere.
AUKERATUTAKO PROIEKTUAK
-
ALVEARIUM
Mundu errealean eragin positiboa sortzea helburu duen sare sozial immertsiboa web3n.
-
LUP
Enpresak ikusmen gutxiko pertsonei bizitza errazteko irtenbideak garatzen ditu.
-
ECOMAGNET
Baztertutako iman iraunkorrak berreskuratzea eta iman-hauts birziklatua fabrikatzea.
-
ATIRAN SECURITY GROUP
Ateetarako segurtasun-patentea duten burdindegiko produktuak fabrikatzea eta merkaturatzea.
-
OFFUGO MOBILITY
Udako kokapenetan autoak alokatzen espezializatutako enpresa.
-
NEOCHECK
Identitate digitala segurtasunez egiaztatzeko SaaS B2B2C bat da.
-
CLUPIK
Web profesionalaren kudeaketa gehi app pertsonalizatua kirol-klubek diru-sarrerak handitu ditzaten.
-
POWERFULTREE
Parke agrivoltaikoak bultzatzea. Elikagaiak eta energia lurzoru berean ekoiztea.
-
BANBU
Zero waste kosmetika, osagai natural ziurtatu, begano eta toxic free direlakoekin.
-
HUPI IBERICA
Industriaren zerbitzura dagoen adimen artifizialaren arloko espezialistak.
-
YUÏT
Bizimodu berrietara egokitutako janari osasungarriaren formatuak.
-
SCRAPAD
Marketplace B2B, material birziklagarriak mundu mailan salerosteko.
-
BAEA
Euskaditik mikroalgen erabilera sustatzen eta optimizatzen duen enpresa.
-
ALBA BIOTECH
Sumisio kimikoaren eraginpean egindako delituak prebenitzea.
-
VANLOCKER
Bidaiarien ekipajearen kudeaketa integralerako web-plataforma.
-
NELA BIODYNAMICS
Artikulazioak ordezteko inplanteen hurrengo belaunaldia garatzen duen enpresa.
-
TROWELAPP
Softwarea, eta web- edo mobile-aplikazioak. NET eta cloud computing teknologiak.
-
WOZA LABS
Berrikuntza digitala bizkortzeko deep-tech plataforma.
-
DONOMOTICS
Hospitality sektorean energia aurrezteko eta eraginkortasunerako soluzioak IoT bitartez
-
V-VISION
Paziente oftalmologikoen tratamendua errealitate birtualeko aplikazioen bitartez.
-
PROFESIOLAN
Aukerako aktibo finkoen salerosketako eta alokairuko Marketplace B2B.
-
LINQ
Pieza metalikoen kalitatea kontrolatzeko ikuskapen ez-suntsitzaile elektromagnetikoko sistemak.
-
LEGIT HEALTH
IAn eta computer vision delakoan oinarritutako osasunaren sektorerako softwarea merkaturatzea.
-
TRAK
Pazienteari adimen artifizialaren bidez laguntzen dion errehabilitazio digitaleko softwarea.
-
SPACE ROBOTICS WORKERS
LEO orbitan dagoen estazio espazial baten diseinua eta ingeniaritza.